ZendaIpuinak

Una Experiencia Religiosa
         Tan… tan… tan-tan-tan-tan… Ur tantek dutxako lurra jotzen dute. Ni izkina batean nago, gorputza berotzeko amorruz. Eskua jartzen dut urpean pare bat aldiz, ez dut arriskurik hartu nahi. Azkenean prest dago ura, eta pausu bat ematen dut aurrera, burumakur, aitortzera banihoa bezala.
          Ur beroak burua jo eta gorputz osoan zehar hedatzen zait, azal garden eta garbitzaile bat bezala barnebiltzen nau. Eta hasi da, hasi da garbiketa…
           Arima gorputzetik at dut orain, aske, lasai; baina lanean hasi beharra du. Azala gorrixka eta ilea distiratsu utziko dudan bezala, bihotzak ere alai eta bakean egon behar du, biharko; eta horretarako beharrezkoa da egunean zehar itsatsita gelditu zaion kaka, eta arimak berak sortu duena esponjaz kentzea.
           Ez dut oroitzen noiz hasi nuen ohitura hau, ez dakit zenbat aldiz egin dudan eta batzuetan guzti hau zertaz dihoan ahaztu eta dena egiten dut. Orduan gorputzak berak gogoratzen dit, eta dutxako alkatxofapean jartzen det ene burua, behatzak begira, penitentzia posturan, txapapotea azkazal tartetik kentzeko prest.
          Ez dakit zenbat ur litro behar izan ditudan, ezta zenbat behar izango ditudan ere, eta gaizki sentiarazten nau horrek maiz. Egoista izatea tokatzen zait horietan: nire kezkak ahaztera etortzen naiz ene komuneko aldarera, eta aldarea bera kolokan jartzen badut, ez dakit zer egingo dudan.
Saiatu izan ditut kirola, irakurketa, musika, marihuana… baina ez dut deus ura bezalakorik aurkitu. Txikitatik egin dut horrela, eta uste dut hil arte egingo dudala. Aritzatxun, Martillon, Kontxan, udal igerilakuan edo amonaren etxeko dutxan, astean behin, edo birritan, urak nire gorpua hartu eta goitik behera purgatzen du, arima barne. Ez da eguneroko dutxa xume bat, “Es una experiencia religiosa”.
Ezagutu izan ditut bestelako erritu paganoak egiten dituztenak, baina oraindik ez dut nirea partekatzen duen inor aurkitu; dutxan 40 minutuz esertzea aspergarria ei da. Badaude, halere, ulertzen nautenak, eta benetan eskertzekoa da (gainontzekoek arkatzari punta ateratzen ari naizela uste dute, eta bueno, normalean ez da horrela).
Dena dela, badirudi guztiok daukagula ekintza berezi bat, akzio jakin bat gure buruko disko duroa garbitzeko. Egia al da, ordea? Zera esan nahi dut: eguna bukatzean, bakoitzak duen erritu sakratu hori, ez dakit guztiontzat horren sakratua den. Agian batzuek goizetan egiten dute, edo otorduetan, eta ni ez naiz oraindik konturatu. Antzemango dut garbiketetariko batean... Gaur, izan ere, nire disertazioek ez dute fruiturik emango, sumatzen dut.
           Hortaz, eta besterik gabe, dutxan eseri (arraintxoen marrazkidun alfonbratxoaren gainean) eta zakilarekin jolasean hasten naiz. Salbuespen-eguna da: gogoeta onargarririk ezean, ene arima hankartetik hustuko dut. Azken batean, garbiketaren parafernalia guzti hau burua libratzean datza.
            Suabe-suabe hasten naiz hor behean, ez dut presarik… Bastoia ziurtasunez hartu eta eskua gora eta behera daramat, literaturako irakasle berria burutik kendu gabe; geldo hasieran, arinago denborarekin...
          POM! POM! POM! “Xabi! Iberdrolakoekin ezkondu beharko haiz faktura ordaintzeko! Alde hortikan!”
              “Bai, barkatu, banoa!”
          Nire pisukide maiteak, Alainek, ulertzen du marmolezko gelatxo honek zer esanahi duen niretzako; baina nik ere ulertu beharra dut ur sakratu hau ez dela agortezina, zaila izan arren.
          Ura itzali eta gorputza lehortzen hasten naiz, lasaitasunez; ez dut inolako egiarik aurkitu (aurkitu izan ditut inoizkotan, sinistu ez arren), eta ez ditut barrabilak hustu, baina nire arima inoiz baino garbiago utzi dut, eta gorpua sikatzen ari naizela, azkazaletako txapapotea urak eraman duela konturatzen naiz.

Comentarios